• Marzo
    ADMINISTRAZIO HONEKIN GAUR ZALDIBARREN...BIHAR EDONON
    Iñaki Petxarroman Berrian, otsailaren 11an, argitaratutako artikulutik – “Zuloaren” barrunbeak - hartutako informazioa.

    Zaldibarko zabortegian Ingurumen Sailaren arabera, irregulartasunak aspaldian hasi ziren. 2015ean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epai batean jaso zuen zabortegiak legez kanpoko isurketak jasotzen zituela, zehazki bifenilo polikloratuaz (PCB) kutsatutako lurrak. Kutsatutako material horiek 2011an jaso zituzten.
    2017an zegokion baino eremu handiagoa erabiltzen zuen isurketak egiteko. Enpresak gutxienez 3 hektareako eremua erabiltzen zuen, legezko muga hektarea batekoa izan arren. Legezko prozeduraren arabera hektarea bat bete ahala, itxi, eta beste bat ireki behar izaten da. 2019an erabiltzen ari ziren eremua are handiagoa zen, 6 bat hektarea.
    2019ko ikuskatze txostenean –Ingurumen Baimen Bateratua, IBB- betetze “maila txikia” egotzi zioten Verter Reciclyng 2002 enpresa kudeatzaileari. Esate baterako: baimendu gabeko hondakinak izatea, legezko eremua baino handiagoa erabiltzea eta metano isurketak behar bezala ez neurtzea. Halaber, ur babesarekin zerikusia duten arau-hausteak, eta baita zabortegiak izan beharreko baldintza bereziekin zerikusia dutenak ere.
    Baimendu gabeko hondakinen artean plastiko hondakin batzuk aipatzen ziren. Baimenduen artean, amiantoaren kasuan, hondakin arriskutsua izanik, aparteko ziega batean eduki behar zuten. Zaldibarren ez zuten bereizten eta beste hondakin batzuekin nahastuta zegoen. Azken 3 urteotan amiantozko ia 10.000 tona jaso zituzten.
    Obra hondakinak kudeatzeko modua ez zen zuzena. Obra materialak zabortegira eramaten direnean, aurrena eraikin eta eraispen hondakinen (RDC) plantara eraman behar dira. Han, ongi bereizi eta berreskuratzeko moduan dagoena jaso eta saltzera eraman behar da. Zabortegira bakarrik bota daiteke berrerabiltzeko moduan ez dagoena. Zaldibarren sailkatze eta bereizte lan hori ez zuten behar bezala egiten.
    Suteak metano poltsetan lur mugimenduek sortutako txinpartengatik sortu dira, Jaurlaritzaren arabera. Inerteen zabortegian berez gai organiko askorik ez litzateke egon behar. Kasu honetan metanoaren iturriak izan daitezke jasotzen diren araztegietako lohiak eta egur hondakinak.
    Lindanorik ote dagoen, Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du.
    Gure komentarioa:
    Katastrofe bat gertatu behar izan da zabortegiaren gaia lehen planoan ipintzeko. Kudeaketa pribatuaren arriskuak bistan daude: kudeaketa garestiagoa da; enpresaren helburua dirua irabaztea da; kanpoko ikuskatzeak 2 edo 3 urtean behin egiten dira; kontrol eraginkorrik ez dago; zabortegia ixteko erabakirik ez da hartzen hondakinak etengabe sortzen direlako eta nonbait gorde egin behar direlako; langileak isildu egiten dira kaleratuko dituzten beldurragatik; zabortegiaren nagusi, kudeatzaile eta teknikariak ez dira fidagarriak, iruzurra egiteko prest daude horrek irabaziak handitzen baditu; txarto jokatuta ere inpunitatea erabatekoa da; negozioak ez dauka amaierarik, ezta konpetentziarik ere… Dirua egiteko makina baino ez da.
    Gure egiten dugu ZER ZABOR BIZKAIA Elkargunearen hitzak:
    "Gertatutakoa ez dela istripu bat izan, baizik eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko darabilten ereduaren ondorio latza salatu nahi dugu. Instalazioen segurtasuna zaintzeko, eta ondorioz, herritarren segurtasuna bermatzeko, ez direla behar adina ahalegin egiten erakutsi dute berriro. Egoera horren gako nagusia zabortegien kudeaketa pribatuan datza; ondorioz, onura ekonomiko handiena lortzeko asmoz, zabortegien beharrezko segurtasun-bermeak ezabatzen dira"


    Lezama Bizirk