• Mayo
    EUKALIPTOAK ETA IBAIEN EKOLOGIA
    EHUko ibai-ekologia ikertzen duen taldeak urte asko daramatza giza-jarduerek ibaietan duten eragina aztertzen. Artikulu eta ikerketa ugari argitaratu dituzte eukaliptadiek erreken gainean duten eragina deskribatuz.
    Erreka eta ibaien egoera oso lotuta dago euren arroetara. Arroetatik ailegatuko zaizkie lehengaiak, osasungarriak zein kutsatzaileak. Taldearen ikerketek erakutsi dute Euskal Herrian eukaliptadiek nabarmen hondatzen dituztela errekak.
    Eukaliptoen orbela kalitate txarrekoa da, toxikoa errekako komunitate askorentzat. Errekek orbel gutxiago eta kalitate txarragokoa jasotzen dute baso naturalez inguratutakoek baino. Pobretze horrek kalte-kate bat eragiten du. Hasteko onddoei eta ornogabeei – intsektuak adibidez- ; gero anfibioei eta arrainei; eta azkenean hegaztien komunitateei. Eukaliptopean ere, apenas aurkitzen da errekaren osasunerako hain garrantzitsua den egur hila, guztia jasotzen baita. Funtsean, landaketa horiek ekosistemaren egitura eta funtzionamendu osoa aldatzen dituzte.
    Horretaz gain, eukaliptoak matarrasaz mozten dira, hau da, zuhaitz guztiak batera, 12 -15 urtetik behin, eta gainera ustiapena oso mekanizatua izaten da. Makineria mendian erabiltzeko oso pista-sare zabalak egin behar dira, zuhaitz guztietara ahalik eta hurbilena ailegatzeko. Pista horiek, matarrasarekin batera, lurzoruaren galera dakarte, eta erreken lokaztea areagotzen dute.
    Eukaliptoek beste landare-espezieen hazkundea oztopatzen dituzten sustantziak askatzen dituztela ikusi da. Lurra iragazkaitzagoa egiten dute eta uholde-arriskua handitzen dute. Eta suteak errazago hedatzen dira beste baso-motetan baino.
    Euskal Herri atlantikoko erreka eta ibai handi guztiak industria, hiri-hondakin eta kanalizazioen eraginez oso zigortuta daude. Geratzen zaigun biodibertsitatea erreka txikietan mantentzen da batez ere. Horiexek dira basogintzak gehien kaltetzen dituen lekuak, orain eukaliptoz estaltzeko arriskuan daudenak.
    Basogintza intentsiboaren kalteak eskalarekiko proportzionalak dira. Haran osoak eukaliptoz betetzeak ingurumenean kalte eta galera handiak ekarriko dizkigu. Agur iturriak, agur errekak, agur basoen freskura, agur koloretako udazkenak, agur udaberriko kolore berdeak…
    Administrazioek dauke basogintza arautzeko eta kontrolatzeko ardura. Jardueren planifikazioa euren eskumena da eta ikerketa zientifikoak kontuan hartu beharko dituzte gure mendien egoera desastre bat izan baino lehen.


    Lezama Bizirk